XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Araban erabaki dira finalistak 640 kiloko sokatiran
Araba aldean jokatzen ari diren sokatira txapelketen barnean 640 kilotakoan ari diran gauzak ia erabat erabakitzen.

Beste bietan oraindik bazterketa saiotan ari diren bitartean modalidade honetan finala ere erabakia dago larunbat arratsaldez Laguardiako pilotalekuan jokatu zen errepeska saioarekin.

Arriskizubi eta Abanze izan ziren okerrenik aritu ziren bi taldeak eta beste lau ekipoak (Sartzalde, Herriarenak, Zigoitia eta Arteniega) izan ziren aurretik finalerako klasifikatuak zeuden Amurrio eta Aramaioko ekipoekin batera finala jokatzeko aukera eskuratu zutenak.

Arteniegak bere indarra erakutsi zuen
Bazterketa saioetan iadanik ikusi ahal izan zenez, Arteniega zen Laguardiako saiorako indar handienaz zebilena.

Eta hala gertatu zen azkenerako, jokatutako saio guztietan garaile irten bait ziren.

Tiraldi bakar bat galdu gabe ongi aski frogatu zuten Araba mailan izan dezaketen kontrako bakarrak Amurrio eta Aramaioko ekipoak direla, dagoeneko finalerako klasifikatuak zeudenak, alegia.

Hamar puntuak bereganatu zituzten Arteniegakoek eta beren alde goraipatu beharra dago ez zutela ekipo guztia eraman, preparadoreak etxean geratu behar izan zuen eta.

Era horretan, gidaririk gabe ere zortzi indartsuek lortu zutena lortzea benetan nabarmendu beharrekoa da.

Beste taldeei dagokienez, honelaxe geratu zen puntuazioa: Sartzalde, 8 puntu; Herriarenak, 6 puntu; Zigoitia, 4 puntu; Arriskizubi, 2 puntu; eta Abanze, 0 puntu.

Eskerronik gabeko herrialdean, Lanciegokoak jo eta ke
Errioxa aldea ez da batere herrialde emankorra herri kirolari dagokionez (beste euskal arloetan ere ez den bezalaxe).

Halere, Lanciego herrian bada talde bat duela denboraldi batetatik hona herri kirola bultzatu nahiean dabilena.

Horiek izan dira larunbateko saioa antolatu zutenak, Federazioak emandako babesa eta bultzada ere eskertzekoa delarik.

Hala eta guztiz ere, Lanciegon bertan instalazio kaskarregiak dituztenez, Laguardiako pilotaleku estreinatu berrian egitea erabaki zuten, bertako instalazio zoragarriak bailatuz.

Era horretara, 300 edo 400 bat pertsona bildu ziren pilotaleku horretan eta erdia ere betetzen bazuten nahiko esperantza emateko modukoa da herrialde horretan horrelako jende multzoa biltzea batez ere ia denak 25 urtetik beheragokoak zirela.

Ea noiz daukagun herrialde horretan herri kirola sustraitua ikusteko ahalmena!.

Dena prest dago finalerako, beraz, 640 kiloko honetan.

Non eta noiz izango den esatea besterik ez da geratzen, agian.

Hemen doa, bada: apirilaren 1ean, Laudion.

Eta datorren asterako, hilaren 11ean, igandez, 560 kilokoen sailean berraukerako saioa izango da Gasteizen.

Zehazkiago, goizeko 12tatik aurrera izango da Manuel Machado Ikastetxean, Sansomendi poligonoan dagoena hain zuzen ere.

Bertan Zigoitia, Sartzalde B. Arriskizubi, Kuartango, Gasteizmendi eta Sartzalde A.

Horietatik bi besterik ez dira izango finalerako aukera izango dutenak zuzenean eta dagoeneko lau ekipo bait daude klasifikatuak.

Euskal Herriko Sokatira Txapelketa prestatzen honez gero
Oraingoz Araban besterik antolatzen hasia ez den Sokatira Txapelketa honetan, badirudi Gipuzkoa eta Bizkaiko Federazioetan ere antolatzen hasiak direla beren herrialdeetakoak, eta baita hiruron artean ere Euskal Herrikoa noizko inguru izan zitekeen ere.

Itxura denez, martxoaren erdialderako edo elkarrekin biltzen eta fetxa posibleena bezala apirilaren 18a itxuratzen ari dela dirudi alfonbra gaineko sokatira txapelketa nagusi honetarako. Sabin LASA.